Hitzak

Omenaldiaren aurreko egunetan idatzi asko jaso dira Iñaki eta familiarentzat. Hemen batzuk:

Kaixo Iñaki,
Atsekabez beteriko egun hauetan gauza asko etorri zaizkit burura eta, sentimendu eta sentsazio hauek zuri aurrez-aurre adierazi ezin izanaren ondorioz, idazteari ekin diot zuk zauden lekutik irakurriko duzunaren esperantzaz.
Ez dakit oso ondo zer sentitu nuen berria jasotzean, ezinegona eta nahasmena, ziurrenik. Negar errazeko pertsona izanik harriduraz itxaron nuen negarra iritsi arte. Ezin nuen erreakzionatu, ordea, jada ez zeundela esan zidaten arren niretzat hemen jarraitzen baitzenuen. Buruak ulertu nahi zuen egoera, baina besteen negarrak ere ez zuen lortu nire bihotzak zuen sentsazioa aldatzea; nola ez zintudan ba gehiago ikusiko?
Eguneko orduek aurrera egin ahala zu berriz ez ikustearen sentsazioa iristen hasi zitzaidan, negarrarekin batera baina, hala ere, sinestezina zen ez zintudala berriz ikusiko. Egun gogorrak igaro eta dena baretzen zihoala uste nuenean berriz lainotu zait dena, klasera sartzen ez zinela eta, benetan egoera ulertzen hasi naizenean.
Ukaezina da momentu onak igaro ditugula elkarrekin. Broma giroan ibiltzen ginen nork egin robotik onena edo esperimenturik egokiena. Askotan txintxatzen genion elkarri, beti ere ongi pasatzeko asmoz. Ikasbidaiako momentuak ere buruan ditut, beste asko bezala. Oroitzapen hauek izango ditut beti. Nola oroitu, bestela, zu bezalako pertsona alai eta ona? Eguneroko irribarre horrek poza ekartzen zuen gelara, lagunarteko giro polita sortzen zuen eta galdu dugunean gelako alaitasuna joan zaigu. Hala ere, badakigu zu gure egoeran egonda, guztioi animoak ematen arituko zinela, inor baino gehiago, beraz irribarrea ahoan gogoratzen zaitugun bitartean horrek indarrak emango dizkigu aurrera egiteko. Zure bizitzeko gogoak bultzatuko gaitu bizitzan eta zure bihotz onak egingo gaitu pertsona on. Ezinezkoa zait momentu on guzti horiek gogoratzean irribarrea ezkutatzea. Zure oroitzapenek alaituko digute eguna eta zure irribarreak egingo gaitu zoriontsu.
Zu ahaztea ezinezkoa izango da, ez baitut nahi hori gertatzea. Kolpe bat eta "molitua" ateratzen zaidanean edota Gatibu entzutean gogoratuko naiz zutaz. Badakizu laborategian Gatibu entzutean zenbat kexatzen nintzen ezta? ba lehengoan Gatibu entzuten egon nintzen, oroitzapen politak ekartzen zizkidalako. Badakizu laborategiko ikasle guztiak Gatiburen kontzertura joatea pendiente gelditzen dela eta baita laborategikoek txantxetan antolatutako afaria ere. Txantxa guzti hauek dira eguna pozten zigutenak, eta zu zinen haien zati garrantzitsua. Lagunak elkarrekin egon behar gara momentu hauetan eta zu ikusten ez zaitugun arren badakigu ez zarela joan, gurekin zaudela.
Egunen batean berriz elkartzeko esperantzarekin maitasunez oroituko zaitut, nola ez, irribarrea ahoan.
Eskerrak eman nahi dizkizut guztiagatik, ez gaitzazu ahaztu, nik eta beste lagunek ez zaitugu ahaztuko. Ondo izan eta muxu asko.

ikaskide bat

Joan zara
baina hemen zaude oraindik.
Hamasei urte besterik ez zenitula
utzi duzu herria,
baina ezagutu zaitugunok
ez dugu inolaz ahaztuko zure irria.
Pello, Uxoa eta Julenentzat
beti izan zara etxeko txikia
eta zure inguruko guztiontzat
lagun handia!

Ehizaren maitale,
eskubaloian goleatzaile,
arrantzan irabazle,
kemena eta gogoa afizioaren adierazle.
Zure alaitasunak eta bizitzeko grinak
guztiok kutsatzen gintuen,
eta zure irribarrearekin batera
hutsune handia utzi duzu hemen
Hala ere zutaz oroitzen jarraituko dugu
omenaldi hau amaitu ondoren!

Erraza izan da zu maitatzea,
ezinezkoa, ordea, zu ahaztea!
AUPA IÑAKI!

ikaskide bat

hainbeste dira zuk emandako pozak
hainbeste lekutan zure barre hotsak
hain egin gaituzu aberats
hain zara handi guretzat
nork dio, baina, joan zarenik
haitzek orro, eztarriek marru
beiak ixten ditugu eta zu hor
beti gure, alai, maitakor
seme, anaia, lagun
atzo eta egun

 irakasle bat


imajina dezakegu zuen bihotz izoztua,
hutsa,
ez-bihotza,
txarrena da ez daukagula hitzik zuen mina samutzeko,
hain da handia mina,
hain da latza samina.
Nola bizi hutsune horrekin,
nola iraun itsaso zabal honetan
ez bada 
olatuei uzten noraezean eramaten,

gogorra da,

baina,
baduzue aldamenean behar zaituzten jendea,
baduzue inguruan maite zaituzten jendea,
eta horiek,
eta beste denek,
bakoitzak ur tanta bana jarrita,
eramango zaituztegu berriz
olatuen mugimenduarekin batera
bizitzaren hondartzara.

Zumaiako Institutuko
Telmo Deun guraso elkartea

1 comentario:

  1. Gaur zure 18 garren urtebetetzea izango zen Iñaki, beti gurekin egon zara eta betirako egongo zara, etzara zure lagunen memorian galduko.

    ResponderEliminar